Emakume FATALAK

Din, dan, don. Din, dan, don. Putzutik putzura nabil, udaberriari oihuka. Din, din, din, EZ. Aurrera egin eta, EZ, ez didazu etortzeko agindu, EZ, baina hemen naiz, hemen naiz badakidalako behar nauzula. Egun argirik ez eta, BAI, badakit eguzkirik dagoela.

Udaberriko argia non ote? galdetu diozu zeure buruari eta, EZ, ez dizu inork erantzun. GALDERA errepika ezazu, ERANTZUNIK jaso nahi baduzu. BAI, neuk ekarriko dizut bihotz mugikorreko lanpara bat.

MINA duzu bizi, bizi duzu MINA, MINEZ ari zara berbaz, MINEZ jarraitzen diozu zeure bizitzari, zeure bideari. BIHOZMINAK nahasirik utzi zaitu.

GABON, esan didazu atetik sartzean. Esan didazu, zuretzako gau onik ez dagoela dakidan arren. MUXU eman didazu, MOSU, eta ohe ertzean eseri zara.

La, le, li, lo, lu. Medusaren irudia etorri zaizu burura eta neure ileari begiratu diozu, neu OTE burua moztu zizun hori? Emakumeak beti gara fatalak, esan diozu zeure buruari, AMA izan ezik. Sirenak, harpiak, esfingeak… zer eta gizonezkoen galera ekarri zuten GAITZAK.

Kleopatra, Mesalina, Lukrezia, Salambo, Lorelei, Dalila, Judit, Salome, Eva, Lilith HEROIAK galtzera eraman zituzten EMA GALDUAK. Antza, ez zuten beren buruak MAPAN kokatzeko gaitasunik izan.

Begietara begiratu didazu, ZEURE galera izan naitekeela SUMATU duzu, zeure GALERA izan naizela ERABAKI duzu. Hala ere, nire MAGALERA hurbildu zara, eta BEREHALA konprenitu duzu, neu ez naiz zeure ama, baina izan NINTEKEEN bere SUZEDANEOA.

Bularrak miatu dizkidazu eta titiburuak ZURRUPATU, berriro ere, sabela eta aldakak NEURTU dizkidazu, zeure hazirako ONTZI aproposa izan naiteke, horregatik HAUTATU ninduzun.

Aurreratu zara, saman MOSU luzea eman didazu eta abesti zahar haren hitzak errepikatu dizkidazu, MAITE ZAITUT, LAZTANA.

Utzi iruzkina