Artea, etxea eta emakumearen gerra

Leihotik begiratzen zion gerrari Martha Roslerren Bringing the War Home:House beautiful serieko emakumeetako batek. Leihotik begiratzen zion, kezkarik gabe, bere etxeko gerrarekin nahikoa zuelako. Xurgagailua eskuan, zikinkeriaren kontra borrokan, kalean gizonek gizonak hiltzen zituzten bitartean. Bai, emakumea, gerra begiratu eta ikusi ez, etxeko gerrarekin nahikoa, umeak eta etxea zaindu behar, patriarkatuaren alaba.

Txikiak gineneko emakumeen antza hartu diot irudiko emakumeari, ile laburrarekin, beti dotore, ondo orrazturik eta aurpegia pintaturik, bisitak hartzeko prest; beti etxeko lanetan, zikinkeriarekin amaitzeko obsesioaz. Antza hartu diot, nahiz eta nire haurtzaroko emakumeek ez zioten beren estetika propioari horrenbesteko arretarik jartzen. Ez zioten horrenbesteko arretarik jartzen horretarako denborarik ez zutelako.

Roslerrek 60ko hamarkadaren amaiera eta 70koaren hasiera bitartean  sortu zuen Bringing the War Home:House beautiful seria, neuk jaio baino hogeita piku urte arinago. Hedabideetatik hartu zituen Vietnameko gerrako zenbait argazki eta muntaiaren bidez, irudi eta zentzu berriak sortu zituen.

1964 eta 1975 bitartean luzatu zen Vietnameko gerra. Handik heldutako irudiek kalera atera zituzten milaka pertsona, gerraren aurkako manifestazioetan. Napalm-ak erretako heldu eta umeen argazkiek munduari buelta eman zioten eta estatubatuarrak beren Gobernuaren engainuarekin konturatu ziren.

5oetako seme-alabak, 60etako erreboltariak

Vietnameko gerraren aurka altxatu ziren II Mundu Gerra osteko AEBetako baby boomeko umeak. 60etako hamarkadan gazte helduak ziren jada,  eta 5oetako Amerika “perfektu” eta kontserbatzailearekin nazkaturik, iraultza kulturalari ekin zioten: sexualitatea, hezkuntza, gizarte baloreak, bizimoduak eta legeak aldatu zituzten, besteak beste. Feminismoa eta auzolana indartu zituzten eta, horrekin batera, munduari begiratzeko forma berriak asmatu zituzten. Hippien mugimendua horren arteko ezagunetakoa bada ere, gizarteko beste esparruetara zabaldu zen askatasun giroa.

Gizarteko beste esparruetan bezala, arteetan ere eragin handia izan zuen iraultzak. Pop artearen inguruko esperimentuetan ari zen Andy Warhol  The Factory-n, Victor Vasarelyk kolorearen eta forma geometrikoen inguruan ikertzen ari zen bere Op-Art lanetan, eta Marcel Duchamp abstrakzio kinetikoan murgildurik zebiltzan. Ordurako, naturaren inguruko kontzientzia pizten hasia zen eta Robert Smithson naturaz baliatu zen bere lanak sortzeko, Ingurugiro Artea delakoan.

Harper Leek Pulitzer saria jaso zuen To Kill a Mockingbird liburuarekin, Truman Capotek Odol Otzean idatzi zuen, eta Tom Wolfek, Norman Mailerrek eta Guy Talesek, beste gutxi batzuekin batera, kazetaritza eraldatzeari ekin zioten, Kazetaritza berria (New Journalism) sortuz. Betty Friedanek emakume askoren bizitza aldatu zuen The Femenine Mistique liburuarekin, Friedanek emakumeentzako bide berriak zabaldu zituen. Emakume artista askok, Simone de Beauvoirren liburuekin batera, Friedanen liburua hartu zuten beren lanak sortzeko hizpide.

Artea gizonezkoentzako mundua izaten jarraitzen bazuen ere, urte haietan, emakume artistek beren lana aldarrikatu zuten eta mundu hartan kokatu ziren. Vietnameko gerraren kontrako ahotsekin batera, gogor entzun zitezkeen emakumeon aldeko ahotsak, bai, mugimendu feminista bor-borrean zen AEBetan. Hala ere, pentsamendu feminista AEBtako emakumeen artean nagusitu zela esatea gehiegizko liteke, baina beste pentsamendu eta bizimodu aldaketekin batera, eragin  nabarmena izan zuen garaiko emakumeen bizimoduetan.

Garai hartan, emakume artista asko bildu ziren emakume artisten elkarteetan, arte estudio feministak ugaritu ziren, emakumeen lanak erakusten zituzten galeriak sortu zituzten eta zenbait unibertsitatetan artea ikuspuntu feministatik ikertzen aritu ziren. Miriam Schapiro, Pauline Boty, Judy Chicago, Yoko Ono eta Carolee Schnemann, besteak beste, emakume artistentzako lekua aldarrikatu zuten beraien artelanekin. Emakumearen opresioaren kontra agertu ziren eta zapalkuntza agerian utzi zuten, emakumezkoei zegokien gizarte roleko ezaugarriak muturrera eramanda eta horiek barregarri utziz.

Performancea, artea eta borroka

Beren gorputzez baliatu ziren batez ere beren artelanak sortzerakoan. Eskulturek, margolanek eta argazkiek toki nabarmena izan bazuten, performanceak arte aldarrikatzailearen burua hartu zuen emakumeen artean. Ekintza performatibo horiek dokumentatu zituzten eta argazki eta bideolanen bidez heldu zaizkigu guri. Rosler beraren Semiotics of the Kitchen 1975eko performancea da horietako ezagunetakoa. Egun hauetan Bilboko Guggenheim Museoan ikusgai dago happening-a dokumentatzeko grabatutako bideoa, Ispilua alderantziz erakusketan, beste zenbait performancen arrastoekin batera. Performanceak etxeko andreen eguneko lana irudikatzen du. Astiro mugitzen da Rosler, lan eta bizitza mota horren gogaikarritasuna azaleratuz, eta emakumeen haserreari eta iraultzarako nahiei dei eginez.

Roslerren mugitze geldoari begiratzen diot eta haurtzaroko emakumeak datozkit burura berriro, ama, izekoak, lagunen amak. Garai hartan, gehienek ez zuten lanik egiten etxetik kanpo, baina egun osoa ematen zuten lanean, ume zaintzan, sukaldatzen, garbiketan.  Bederatzi bat urte izango nituen ama etxetik kanpo lanean hasi zenerako, ordutik hona  berak jarraitu du etxeko lanen kargarik handiena izaten. Etxeko lanari etxetik kanpokoa gehitu zaio.

60etako eta 70etako artista feministek emakumeen lanaren inguruko ikerlan artistikoak ez ezik, emakumeen inguruko beste hainbat gai jorratu zituzten, batez ere, sexualitatea eta amatasuna. Eta horrekin batera, emakumearen subjektutasuna aldarrikatu zuten, emakume askea izateko beharra. Horien artekoa izan zen Yoko Ono –bai, Yoko Ono artista da, nahiz eta gehienok, John Lennonen emakume bezala ezagutu baino ez, Beatlesak galerara eraman zituen emakumea, bai, emakume fatala-. Yoko Onok ikusleak gonbidatu zituen bere arropak moztera 1964an Cut Piece, happening-aren bidez. Ikusleak gerturatu eta gustatzen ez zitzaizkion arropa zatiak mozten zizkion, ikusleek Onoren emakume gorputza era aktibo eta bortitzean biluztu zuten, nahiz  indar fisikorik erabili ez.

Subjektu izateko bidean

Valie Exportek ere,  performarmancea behin baino gehiagotan erabili zuen bere lanak gorpuzteko. Peter Weibelekin batera irten zen kalera Vienan 1968an,  Tapp und Tastkino dokumentala grabatzera. Exportek txotxongiloentzako eskenatoki baten antzekoa jantzi zuen, bere bular biluziak tramankuluaren kortinekin estaliz. Weibelek megafono bidez, oinezkoak gonbidatzen zituen eskuak kortina artean sartzera eta Exporten bularrak ikutzera. Exportek Arts Magazineri 1991ean azaldu zionez, “Zinemako lenguaiaren   bidez, edozeinek nire ‘gorputz pantaila’ ukitu zezala usten nuen, nire bularrak, eta horrekin urratsen nituen gizarte komunikazio onargarriaren mugak. Nire bularrak, emakumea objektu bihurtutako ikuskizunaren gizartearen aurrean, ezkutu geratzen ziren. Horrez gain, nire bularrek gizon bakarrarenak izateari utzi zioten, bere gorputzaren erabilera librearekin batera, emakumeak bere identitatea askatasunean zehaztu dezake: objektua izateari usteko eta subjektu bihurtzeko pausua da”.

Urte batzuk beranduago, 70ko hamarkada amaieran, emakumeon kontrako erasoak gaitseztu zituzten Suzanne Lazy eta Leslie Labowitz In Mourning and in Rage lanaren bidez, Los Angeles hiriko udaletxe aurrean. beltzez eta gorriz jantzi ziren, emakumeok jasotzen ditugun eraso mota guztiak kritikatzeko eta agerian usteko.

Performanceak ez ezik, argazkilaritzak ere toki nabarmena izan zuen artisten artean, Ana Mendieta, Eleanor Antin eta Mary Beth Edelson ditugu, argazkien bidez, kontzientzia feminista pizteko saiakera egin zutenen arteko batzuk. Mendieta emakumezkoaren eta naturaren arteko erlazioa irudikatu zuen. Edelsonek, bestalde,  bere argazkietan emakumea eta naturaren arteko harremana ikertzeaz gain, emakume artisten aldarrikapena egin zuen baita. Horren adibide da Some Living American Women Artists / Last Supper (1972) bere lanik ezagunetakoa, non Leonardoren Azken afarira, emakume artistak baino ez zituen gonbitatu.

Antinek, berriz, argazkiak dokumentu bezala erabili zituen. Bere gorputza eskultura bizia bihurtu zuen 1972ko udan, eta dieta baten bidez moldeatzeari ekin zion, horren emaitza da Carving: A Traditional Sculpture (1973) lana. Antinek bere gorputz biluzia irudikatu zuen 1972ko uztailaren 15a eta abuztuaren 21a bitartean hainbat jarreratan, eskultura klasikoen zizelkatzea parodiatuz.

 Emakumearen gorputz biluzia, artearen trendingtopic-a

Artearen historian gairik irudikatuena ez bada irudikatuenetakoa izan da emakumezkoaren gorputz biluzia. Emakumeon gorputzek museoak betetzen dituzte, emakumeon gorputz biluziek, batez ere. Grezia klasikotik gaur egun arte, eskulturak, margolanak, argazkiak, bideoek… emakumezkoen biluztasuna irudikatu dute era askotan. Hala ere, irudi gehienek ezaugarri komuna dute, gizonezkoek sortutako irudiak dira.

Literaturan, arte plastikoetan eta eszenikoetan, zein ikus-entzunezkoetan, gizonezkoek sortu dituzte emakumeen irudi gehienak. Emakumea gizonezkoen ikuspegitik irudikaturik agertzen da, objektualizaturik, izaki pasiboa izatera pasatzen da gehienetan. Peneloperen antzera Ulisesen etxeratzea itxaroten du, jantzirik zein biluzik, bere gorputzaren eta sexualitatearen jabe izan beharrean objektu sexuala baino ez da.

Hala ere, XIX. mendeko margolari eta literatoek buelta eman zioten irudi horri. Buelta eman zioten emakume fatalaren irudia hartuz. Emakumea subjektu sexuala izatera pasatu zen, ema galdu bihurtu zen, gizonak galtzera eramango zuen prostituta, Maneten Olympia kasu. Tizianoren Urbinoko Venusa hartu zuen eredutzat Olympiaren irudia sortzeko. Olympia bere sexualitatearen jabe bada ere, ez dio objektu sexuala izateari usten, subjektua eta objektua da era berean. Azken finean, emakumea ederra izatetik, sublime izatera pasatuko da, baina bere sublimetasuna terriblea izango da.

Utzi iruzkina