Neighbor: bizilagunaren hurbil-urrunak

Gorria, berdea, semaforoa
erabakiak hartzea.
Entzuten diren hotsei erreparatzea.
Gutuna zabaldu, zapatak erantzi,
harria, guraizea.
Epaitu, ona, txarra,
egia zer den galdetzea.

Eta isil-isilik geratzea.

Behin, Maite Larburu (Hernani) eta Josh Cheatham (Seattle) antzinako musikan espezializatutako musikariak bizilagun suertatu ziren Amsterdameko auzo berean, lehendik ere ezagun baina harrezkero auzokide. Ogibide zuten musika-ildotik urrundu, kantu banaka batzuk egiten hasi, eta horrela sortu zen Neighbor taldea. 2013aren amaiera aldera, ezinezko den horri keinutxo izurik gabea egin, eta Ura patrikan izeneko diskoa atera zuten, Gaztelupeko Hotsak etxearekin.

Hotzean deskribatzen hasita, esan daiteke Larbururen ahotsa eta Cheathamen gitarra direla diskoko instrumentu nagusiak, eta askotariko estiloak jorratu dituztela, hala nola jazza, folka, bluesa. Ez dago belarriak asko zabaldu beharrik, ordea, ohartzeko badirela hor instrumentu gehiago ere –ñimiño antzean maizenean, lotsati edo ilun batzuetan, nabarmen samar bestetzuetan, kantuen janzki egoki betiere–, eta badirela musika-estilo zehazten zailagoak ere –oso aditu ez garenontzat, behintzat–, disko berez biribil eta oso bat heterogeneizatzen dutenak.

Aski segur, Ura patrikan ez da lehen entzunaldian barreneraino sartzen diren lan horietako bat; errazkeriarik batere gabe sortua da, eta badirudi hain zuzen horixe eskatzen duela: errazkeriarik nahi ez duten belarri batzuk. Zenbat eta gehiago entzun, zenbat eta gehiago erreparatu bai musikari eta bai hitzei, orduan eta ñabardura gehiago antzematen dira, eta orduan gelditzen da agerian ez dela lan konplikatu bat, baina bai konplepexua; abestiak soilak direla, baina ez hutsak. Izatekotan ere, badute huts bat oso ukigaia dena, ia zurruna ere bai, zenbait kantutan (Gauean). Disko umila da, barea, baina baita suspergarria ere, entzulearen taupadak bizkortu eta moteltzera jolasten dena.

Eta jolasak, hain zuzen, garrantzi handia du Neighbor taldearen sorkarietan, hots, serio jarriz gero esperimentazioa esango geniokeen horrek. Musika sortzeko prozesuaz askorik ez dakigunok ere antzeman dezakegu badela hor askatasun bat edo, areago, askatu nahi bat, mugez eta konbentzioez beste egin nahi bat. Zenbaitetan, melodiaren bihurraldi batek, bat-batean, eguzki gozotik lurpearen ilunera eramaten du entzulea; beste zenbaitetan, berriz, halako kutsu adar-jotzaile eta haurkara bat hartzen du. Kanta ezustez josiak dira, argiak batzuk, arreagoak bestetzuk, eta, baten bat, baita hipnotizatzailea ere (Harria, papera, guraizea zirraragarria, adibidez).

Lanari aniztasuna ematen dion beste ezaugarri bat: hiru eleko diskoa dela. Euskara eta ingelesa dira nagusi, baiura patrikanna bada gaztelaniazko kantu bat ere (Bici), bixi-bixia, bengala jostari baten antzera piztu eta itzaltzen dena. Badirudi hor ere aske izan nahi izan duela Larburuk, eta barne-beharraren arabera hautatu duela abesti bakoitzaren hizkuntza, ideologiei, konbentzioei eta besteri nolabait itzurita. Ederrak dira hizkuntza batetik besterako saltoak.

Hitzetan, umorea (Ambitious man sekulakoak irribarre erdia piztuko dio bati baino gehiagori), lirika sakona eta azalekoagoa, paradoxak, metafora jolastiak, zerrendak eta itxuraz loturarik ez duten irudi eta ideia originalki itsatsiak… Gaien aldetik, berriz, nostalgia, “desterruaren” gazi-gozoak, ipuintxoak, irudi poetikoak (Bird)… Denak ere bare, xehe, eta laño, zenbaitetan.

Bizilagunekin gertatu ohi den bezala, oso gertuko sentsazioak eta oso urrunekoak pizten dituzten kontu eta kantuak aurkituko ditu entzuleak Neighborren lehen disko honetan, Maite Larbururen ahots sakon leun erakargarrian: urak bezala bizi-bizi ihes egin baina beren zurrustaren arrastoa uzten duten doinu-hitz gogoangarri bezain gozagarriak.

 

Pare bat esteka interesgarri:

Webgune ofiziala
Entzun Nunzare kantua

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s