In-Edit Zinemaldia: musika eta irudien arteko bidai amaigabea

Sixto Rodriguezen bila joan ondoren bidai ezberdinei aurre egitea tokatzen zaigu, musika azken finean leku ezberdinetara bidaiatzea da. Searching for Sugar Man-en arrakastaren ostean musika dokumentalek beraien lekua hartu dute zinemaren munduan genero bezala. Ez da gauza berria baina formatu honek iraultza handia jasan du kontuan izanda aurretik egiten ziren dokumentalak talde edo abeslari bati buruz egiten zirela soilik eta ikusteko benetako jarraitzailea izan behar zinela. Oraingo dokumentalek, bizitzaren istorioak kontatzen dituzte, hunkigarriak, ezberdinak, ezezagunak, pertsonena azken finean,  musikari buruz dira baina musikaz haratago doaz. Genero honi buruz gehiago jakiteko Bartzelonan egin den In-Edit musika dokumentalen zinemaldian murgildu gara.870c3556a943b3231a0942a3cb4243a9o

In-Edit zinemaldiaren hamaikagarren edizioa izan da aurtengoa, urtero asistentzia handitzen joan delarik. Zinemaldi txiki bat bezala azaldu zen 2003an baina mundu osoan egindako musika dokumentalen zinemaldi handiena da jada. Denbora gutxian hazkunde izugarria izan du eta Bartzelonan ez ezik, munduko hainbat hirietara zabaltzen joan da, Txileko Santiago (Txile), Buenos Aires (Argentina), Sâo Paulo (Brasil), Puebla (Mexiko) edo Berlin (Alemania) dira honen adibide. Estatu espainiarrean hainbat zinemaldiekin kolaborazioak izan ditu, Murtziako S.O.S: 4.8, edo Compostelako Cineuropa. Euskal Herrian Donostiako Dock of the bayrekin ere harremanak ditu zinemaldi honek. Jaialdi honen hurrengo edizioa crowfounding bitartez aurrera eramango da.

Aurtengo In-Editean 49 pelikula ikusi ahal izan dira Urriaren 24tik Azaroaren 3ra. Era guztietako dokumentalak hiru zinema aretoetan banatu dira hamar egunetan zehar, aurkezpenak eta aktibitate ezberdinak nahastuz. Garai berriei loturik Internet bidez hainbat film ikusteko aukera izan da In-Edit TV plataformaren bitartez. Gainera edizio honetan lehengo aldiz Bartzelonatik kanpoko zenbait aretoetara zabaldu dira proiekzioak eta Bilbon edo Iruñean dokumental gutxi batzuk eman dira baita. Gainera Dick Fontaine dokumental zuzendariari omenaldia egin dio aurtengo In-Edit-ak eta bere filmografiaren izenburu nagusiak proiektatu dira: Beat This! A Hip Hop History, Sonny Rollins: Beyond the Notes eta The Jazz Messenger + Betty Carter.

Musika eta irudien nahasketaren bidai honetako lehen geltokia Tennesse ibaiertzeraino eraman gaitu. Muscle Shoals izan da edizio hau inauguratu duen dokumentala, izen bera duen Alabamako herri txikiak soul eta rock abesti garrantzitsuenen grabazioen lekuko izan da. Fame grabazio estudioaren sorreran aurkitzen gara eta Rick Hall bere sortzailearen bizitzan murgilduz, paisai berdeen babespean, ikaragarrizko musikariek bere esperientzia kontatzen digute leku berezi honek daukan magia azalduz. Musika beltza jotzen zuten lagun zuriekin batera ahots beltz famatu askoren grabaketa mitikoak errepasatzen ditu dokumentalak. Aretha Franklin, Etta James, Wilson Pickett edo Arthur Alexander pasa ziren lehengo Muscle Shoals-eko Fame estudioetatik. Garai hartako gizartean zegoen arrazakeria  ere deskribatzen du eta nolako lan bikainak atera zituzten zuriek eta beltzek elkarlanean. Baina istorio guztiek bezala, honek ere bere gatazka dauka. Fame estudioko musikariak The Swampers deiturikoak, Rick Hall-en enpresa utzi eta beste estudio bat sortzea erabaki zuten. Geroztik bi estudio zeuden bertan, bigarren honetatik,  Muscle Shoals Sound , Rolling Stones edo Bob Dylan bezalako ikurrak pasa ziren. Filmak Rick Hall eta bere langileak izan ziren hiru musikarien arteko adiskidetzea erakusten digu azkenik.

Aurtengo In-Edit-eko sentsazio handienetarikoa A Band Called Death izan da.o-A-BAND-CALLED-DEATH-570 Nork imajina dezake hiru anai beltz punk-rock-a jotzen;  Punk-a, Punk izan aurretik Death deituriko talde ezezaguna zegoen hirurogeita hamargarren hamarkada hasieran. Musika tresnak erosi eta zer jo pentsatzen ari ziren, The Who telebistatik ikusi  eta “hau da egin nahi duguna” erabaki zutenean. Dennis, Bobby eta David ziren anaiak, azken hau, taldearen liderra izandakoa, hilda dago eta honen istorioa da batez ere dokumentalaren lehen zatiak aurkezten diguna. Bera izan zen Death izena jarri zuena honek izango zituen arazoak jakinda baina berak ez zuen amore eman eta heriotzaren alde positiboa ikusten zuen (talde punk-a izanik ere, oso fededuna zen). Heriotza benetako gauza delako (“Death is real” zioen) jarri zion izen hori. David-ek bere anaiei Death-en grabazioak gordetzeko eskatu zien biriki minbiziz hil aurretik norbait hauen bila etorriko zela iragarriz. Eta hona dokumentalaren bigarren zatia, 35 urte geroago nola disko bildumazale batek hauen singela aurkitu eta internetetik zabaldu zuen, diskoaren argitalpena eta baita nola Death osatu zuten seme eta ilobek beraien omenezko talde bat sortzen duten. Azkenik, jatorrizko Death-eko taldekideak beste kide berri batekin, baina bere anaia ahaztu gabe, eszenatokira nola bueltatu ziren ikusten dugu.

Hurrengo geltokia ere nahiko punky-a izan da, Grant Hart-en istorio korapilatsua Every everything: the music, life & times of Grant Hart dokumentalean. Erre berri den bere etxearen alboan, musika estudioan edo kaleetan agertzen zaigu Hüsker Dü hirukote punk estatubatuarraren bateria eta buru ohia. Gorrotoak, drogak, kontzertu amaigabeak eta bizitzaren gorabeherak aztertzen ditu pelikularen protagonista bakarrak. Hüsker Dü-ren banaketaren ostean bere bakarkako lanak,  Nova Mob deituriko taldearekin tartekatzen hasi zen, baina azkenean bere bidea bakarrik egitea erabaki zuen film honen pertsonai nagusiak. Gauza materialez ahaztea eta momentuak, bizipenak gogoratzea gomendatzen digu Hart-ek .

Bateria joleen artean aipatu beharrekoa, Beware of Mr Baker pelikulak Ginger Baker-i buruz egiten duen errepasoa da. Cream eta Blind Faith –eko bateria, jeinu bat baketekin baina eguneroko bizitzan izaera gogorrekoa. Dokumentalaren bigarren minutuan Jay Bulger zuzendaria kolpatzen du, honek ez du gelditzen zoro, antipatiko eta rock-aren deabru honi buruzko istorioa kontatzeko gogoa eta Eric Clapton, Jack Bruce,Femi Kuti, Toni Allen, Stewart Copeland etab.en elkarrizketen bitartez bere bizitzara gerturatzen gara.

Bob Dylanek kantatzen zuen erantzuna dagoen haize horrek New York-eko Greenwich auzora garamatza. Greenwich Village: music that definied a generation dokumentalak Dylan bera edo Pete Segger bezalako pertsonaiak historian izandako garrantziari erreparatzen dio. Auzo horretan folk abestien bitartez mugimendu iraultzaileen agerpenak izan ziren hirurogeiko hamarkadan. Kantautoreen musikaren jaiotza, askatasun eta eskubide zibilen aldeko borrokak biziarazten dizkigu Laura Archibaldek zuzendutako film honek. Susan Sarandonen ahotsaren narrazioak garai haietara eramaten gaitu.

Tim Hardin, Tom Paxton, Eric Andersen edo Judy Collins bezalako artistak, abesti protestaren sorrera, zentsurari aurre egiteko lan, eta abar. Mundua aldatu nahi zuen belaunaldia izan zen. Gerra Hotzean lista beltzetan sartu zituzten gobernu estatubatuarrak Greenwich-en hezi eta ikasi zuten musikari asko komunistatzat jota. Folka eta musika orokorrean askatasunaren mezulari bezala hartzen dute belaunaldi horretako artistek. Aldaketak espresio artistikoetatik hasten direla azpimarratzen dute.

Trenak, bizikletak eta abestiak

Trena hartu dugu bidaia jarraituz Mumford and Sons, Old Crow Medicine eta Edward Sharpe & The Magnetic Zeros-ekin batera amaigabeko jai giroan sartuz. Big easy express-ek  Californiatik New Orleansera egindako lagunen arteko tren bidaia kontatzen du. Hiru taldeek egindako bira honetan musika jotzeari ezin gelditu dabiltza eta kontzertu bat amaitu bezain laster trenean jotzen jarraitzen dute.

Katalunia bertatik ustekabe atsegina izan da Paul´s Planet dokumentala. Paul Fuster-en istorioa kontatzen digu honek. Estatubatuarra baina guraso katalanak ditu folk abeslariak (“folk Satanas apur batekin” berak dioen bezala) berak egindako gitarra jotzen du. Pelikula honetan pertsonai bitxi honek  Kataluniatik egindako bira jarraitzen dugu, baina ez da bira normal bat, bizikletaz egiten du, berak eraikitako bizikletaz. Kilometroak eta kilometroak betetzen ditu herri katalan txikietatik zehar ezohiko kontzertu-“show”-ak egiten. Ijito, nomada, hippie-a… ez dakigu nola definitu baina ezagutzea merezi du bere kafe-makinari abesten dion tipo maitagarri honek.

Andaluziatik gaitzetsitako Tabletom taldearen istorioa ikusteko aukera izan dugu ere. Rock andaluzaren ikurrak ez dira inoiz lurralde horietatik haratago joan baina bertan oso maitatu eta ezagunak dira. Kiko Veneno, Robe Iniesta, Kutxi Romero etab. ek euren miresmena erakusten dute Todos Somos Estrellas dokumentalean. Iaz abeslaria zendu ondoren, berezia izan da taldekoentzat dokumental hau aurkeztea eta jotzen jarraituko dutela ziurtatu dute.

No_More_Tour-870010178-largeEuskal Herritik Fermin Muguruza izan dugu ordezkari. Kortatu eta Negu Gorriak-en lider ohia In-Edit-era urtero etortzen da eta aurtengoa ez da berak egindako lehen dokumentala izan. Bass-que Culture, Chekpoint Rock, Next Music Station eta Zuloak filmen ostean oraingoan berari buruzko dokumentala dakarkigu: No More Tour. Azken bira mundialaren gorabeherak kontatzen ditu bertan eszenatokietan hogeita hamar bete dituen energia amaigabea duen Muguruzak. Bere gertuko adiskideek ez dute sinesten azken bira denik, izan ere Ferminek badauka beste proiektu bat esku artean Black is Beltza nobela grafikoa aterako du hasieran animazio film bat egiteko pentsatutako gidoitik abiatuz. Dokumentalaren aurkezpenean aitortu duen bezala “Bizitza maite dut”. Dokumentala ostiral honetan aurkeztuko da Donostiako Antzoki zaharrean ere.

Bidaia Bartzelonan bertan amaitu da, Nitsa 94/96: el giro electrónico dokumentalak itxi du aurtengo In-Edit-a. Bartzelonako  klub famatua, estatu mailan musika elektronikoaren aitzindaria  izan zenari errepaso egiten dio film honek. Leku berezia zela diote, tenplu bat, “gauzak getatzen ziren lekua”.

Atal internazionalean saritutako filma The Punk Singer izan zen eta atal nazionalean Triana Pura y Pura. Lehenengoak, Kathleen Hanna Bikini Kill eta Le Tigre taldeen abeslaria zenak bere barne erretratua egiten du. Bere familia, lagunak, fama, Kurt Cobain-ekin zuen adiskidetasun harremana (berak marraztu zuen “Kurt smells like a teen spirit” grafiti famatua), Julie Ruin bezala bere buelta eta daukan Lyme gaixotasunari buruz aritzen da lehen aldiz. Bigarrenak, XV.mendetik bertan zeuden ijitoak nola berrogeita hamargarren hamarkadan ekonomi arrazoi baztergarriak zirela eta Trianako auzotik bota zituzten istorioa kontatzen du. Baina 1983an marjinazioari aurre eginez  denak bilduko ziren azken jai erraldoi bat eginez Sevillako Lope de Vega antzokian. Azkenik esan beharra dago Bustamante Perkins-ek irabazi duela ikusleen saria. Juli Bustamante abeslari valentziar eta heroi umil honen erretratuak publikoa harrapatu du.

Izenburu asko gelditu zaizkigu aipatzeko, hamar egun hauetan soilik apur batzuk ikusi ahal izan ditugu eta garrantzitsuak izan diren asko ikusteko gogoekin geratu gara. Mistaken for Strangers, Apocalipsis: A Bill Callahan Tour Film, Bayou Maharajah: The Tragic Genius of James Booker, Enzo Avitabile Music Life, Narco Cultura, Chulas Fronteras, Naked Opera, El peor Dios edo Teenage dira beste batzuen artean dokumental aipagarrienak.

Kontuak kontu, musika zalea zein zinema zalea izan, edo biena, musika dokumentalen generoan barneratzea esperientzia gomendagarria dela. Irudi zein doinu ezberdinen bitartez leku eta istorio ezberdinetara bidaiatzea posible da, eta oso gertu sentitzen dituzu egia baitira abentura guzti hauek.

Utzi iruzkina