Beldurrik ez duelako diote beldurra

Pero de tanto morirnos,
al menos nos hemos ganado el derecho
de decidir cómo queremos morir.

LILIANA FELIPE

Zorrotza, zuzena, sakona, eta lotsagabea ere bai, ziur asko. Liliana Felipe kantautore, pianista, konpositore eta aktibista argentinarrak dozenaka urte daramatza ahoan bilorik gabe kantari. Argentinan 1976ko diktadura militarra hasiz geroztik —ahizpa eta koinatua desagerrarazi eta hil zizkion erregimen horrek—, Mexikon bizi eta jardun da, musika arte gisa ez ezik, bizibide, bizimodu eta lanabes gisa harturik.

liliana

Bitxia eta oso berezkoa du Felipek musika estiloa: pianoa tresna nagusi duela, txikitatik musika klasikoari ikasitakoak Latinoamerikako erritmo taupadekin uztartzen ditu, bere sorterrikoekin batez ere (tangoa, danzona…), eta, nahasketa horren bizigarri, antzerki eta kabaret kutsua ere sartzen die maiz kantuei. Ez alferrik, azken urteetan, Felipek bizpahiru antzokitxo zabaldu ditu Mexikon, Jesusa Rodriguez aktore eta bikotekidearekin batera, eta kabaretak eta bestelako musika eta antzerki lanak plazaratzeko txoko independente bihurtu dira denak.

El+Hbito+LFEhFeliperen kantuen hitzetan —horietako asko ere Rodriguezekin elkarlanean sortuak dira—, bereziki azpimarratzekoa da nola erabiltzen dituen ironia eta umorea, bai oso bakanetan esan ohi diren batzuen inguruan mintzatzeko, baita salaketa zorrotzak egiteko ere. Dena den: «Ez nuke esango protesta musika egiten dudanik […]. Izatekotan ere, zukutzaile bat naiz ni: nolabaiteko eragina daukat musika klasikoarena, eta, tira, bizitzak halakoxeak baititu, kabaretaria ere banaiz, eta, gainera, ezkerrekoa, eta, gainera, lesbiana, eta txiripaz ez naiz beltza! Dena den, ez nuke esango nirea protesta musika denik, baizik eta askapenaren, lotsagabekeriaren aldekoa, nork sudur puntan jartzen zaiona sentitzearen aldekoa.»[1]

Besteak beste, boterearen eta eliza katolikoaren gehiegikeriak —«Horixe da boterea: bekatuaren negozioa! Elizak biak kontrolatzen dizkizu: ahoa eta ipurdia.»[2]—, eta Latinoamerika eta mundu osoa astintzen duten botere eta pentsamolde neoliberala izan ohi ditu jomuga bere kantuetan. Haren lana protesta musika gisa definitu edo ez, argi dago Felipek militatu egiten duela bere musikaren bidez, umorez zenbaitetan, serioago beste batzuetan: «nos tienen miedo porque no tenemos miedo»[3], dio haren kanturik ospetsuenetako batek, zeina hainbat herri mugimenduren ereserki bilakatu baita.

Aldarri feminista nabarmeneko abesti ugari ere baditu Felipek. «Soy una mujer inconveniente»[4], esaten du, alaiki, kantu batean. Izan ere, sexuaren eta halako beste hainbat taburen inguruan lotsarik gabe mintzatzeaz gain —benetan bitxia eta dibertigarria, adibidez, Los sexos de Miller kantua—, hankaz gora jartzen ditu bere generoari teorian dagozkion ezaugarri eta betebehar ugari. Egia esan, haren kantuen hitzak, horiek aurkezteko eta kantatzeko duen modua, eta agertokian bertan duen jarrera ere nahikoa mehatxu dira eredu patriarkalarentzat. Las histéricas izeneko abestian, esaterako, umoretsu, trufa egiten die Freuden eta beste zenbaiten teoriei.

Kontzertuetan, piano eta ahots hutsez, Felipe irmotu egiten da, eta hedatu: gertuko zaie entzuleei, eta libre eta zuzenean mintzatzen zaie; ateratzen dio pianoari perkusiotasun osoa, kantatzen du erraietatik, eta barre egin eta eginarazten du, ironiko eta absurdo, baita, sarritan, oies ere:

Musikak hobeto bizitzen laguntzen diola dio. Amorruak baino gehiago, pasioak inspiratzen omen du.

Esaten du ez duela inor probokatzeko inolako asmorik, baina gutxi uzten ditu epel. Esaten du ez dakiela herra zer den, baina ezagun du barrenekoak ateratzeko erabiltzen dituela pianoa eta mihia, ulertzen dituenei buruz mintzatzeko, ulertzen ez dituenei buruz oihuz galdetzeko. Esaten du beldurrik ez duela, baina beldurrari ihes egiteko bezalako kantuak egiten ditu, umore biziz, aldarte urratuz.


[1] Hitz horiek Absentia Musical webgunean egin zioten elkarrizketa batetik hartuak daude. http://www.absentamusical.com/dic-2010/entrevista-liliana-felipe.html

[2] Hitz horiek El Camino de las Araucarias webgunean egin zioten elkarrizketa batetik hartuak daude. http://www.caminodearaucarias.com.ar/spip.php?article17

[3] Euskaraz: «Beldurrik ez dugulako digute beldurra».

[4] Euskaraz: «Emakume desegoki bat naiz».

Utzi iruzkina